XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kristau guztien artean, laiko eta ministro ordenatuen artean, mojak eta fraideak nabari dira.

Kristau hauek komunitatean bizi dira, ebanjelioaren aholkuei estu-estu lotuta.

Horregatik, botoak onartzen dituzte, hau da, kastitatean, pobretasunean eta obedientzian bizitzeko hitz emate sagaratuak.

Botoak, Azalpena, Itun Berriko aipuak

Kastitatea: Kastitate- edo garbitasun-botoa bizitzea, ezkontzari eta familia-bizitzari uko eginez nork bere burua besteei oso-osoan eskaintzea da, Jesusek berak egin zuen bezala.

Batzuk ez dira ezkontzen [...] Jainkoaren Erregetzagatik hala erabaki dutelako. Onar dezakeenak onar beza. Mt 19,12

Pobretasuna: Pobretasun-botoaz bizitzea laztasunez, behartsuenekin konpartituz bizitzea da, Jesusek egin zuen bezala: pobre izan eta bere burua pobreei entregatzea.

Honez gain, elkartean bizitzea ere bada, dena elkarrekin banatuz, inolako ondasun pertsonalik eduki barik, lehenengo kristauek egin ohi zuten legez.

Jesusek erantzun zion: -Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun. Mt 19,21

Obedientzia: Obedientzia-botoa bizitzea, Jainkoaren nahia une guztietan betetzea da, Jesusek Jainkoari heriotzarainoko esanekotasuna erakutsi zion bezala.

Horretarako, premiazko dira norberaren otoitza eta elkartearekiko elkarlana.

[...] Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari.

Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. Semea bezala: hura ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzatua izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera. Mt 20, 26-28

Bizi-tankera apal, zorrotz eta solidarioaren bidez, moja-fraideek garrantzi handiko eginkizuna betetzen dute: Kristori zintzoki jarraitzen eta berak aginduriko eginkizuna bete dezaten animatzen dituzte kristauak.

Erlijio-kongregazio bakoitzak, bestalde, bere fundatzailearen karisma edo izpirituaren arabera, eginkizun espezifikoa du Elizaren eta munduaren zerbitzuan.

Erlijio bizi-tankerari dagokionean, mota bi bereiz daitezke:

- Kontenplaziozko biziera daramaten ordenak. Komentu eta monastegietan bizi dira eta otoitza, ikasketak eta esku-lanak dira beren langintza nagusiak.

Esate baterako, beneditarrak, kartusiarrak, zistertarrak (monje eta mojak), klaratarrak...

- Bizi-tankera aktiboa daramaten ordenak. Eginbehar desberdinak dituzte: predikua, irakaskuntza, behartsuei, gaixoei eta baztertuei laguntzea, misioak... Esate baterako: domingotarrak, eskolapioak, frantziskotarrak, jesulagunak, Karitatearen Alabak, Anaia Ostalariak, salestarrak, Maria Laguntzailearen Alabak, urtsulatarrak...

Soriako Santa Maria de Huerta-ko monastegiko korua.